Gasbidea, Aralartik ez!

2023-22-03
Arakilgo Udala

Azken hilabeteotan Arakil eta Larraungo udalek bilera ugari egin ditugu Nafar Gobernuko ordezkariekin Gasbidearen proiektuaren alternatiba azaltzen. Nedgia enpresaren proiektuak Aralar zeharkatuko du eta sarraski larria sortuko du bertako bioaniztasunean. Udalok, proiektua ezagutu genuenetik, beste ibilbide egokiagoak daudela defendatu dugu, hala nola Plazaolako Bide Berdea. Mikel Zuazo ingeniariarekin batera alternatiba hau Parlamentuari aurkeztu diogu. Ate asko jo dira, ardura eta azalpenak eskatu, baina, esfortzu guzti hauek ez dute proiektua birbideratzerik lortu. Azken aukerak agortze aldera, atzo Parlamentuan izan ziren Oihana Olaberria eta Mikel Huarte alkateak eta erantzukizunak eskatzeaz gain haien trazadura proposamena aztertzea eskatu zuten. Ardura politiko eskasa eta ezjakintasuna nagusitu diren prozesu honetan, koherentziaz jokatzea da bailaren aldarrikapen nagusia. Oihana Olaberria, Arakilgo alkatearen hitzetan:  "Mikel eta biok Aralarrek batzen dituen bi entitate ordezkatzen ditugu, bi entitate hauentzat Aralar zentrala da. Aralar gure kulturaren eta nortasunaren parte da. Uste dugu, gure kezkak eta proposamenak entzun eta kontuan hartzea merezi dugula. (...) Guk pentsatzen dugu hau ez dela beharrezkoa, garaiz gabiltzala sarraski hau geldiarazteko. Alternatiba bat badugu, Plazaolako Bide Berdea. Borondate politiko kontua besterik ez da. Aralarrek merezi du".  . 15 egun besterik ez dira gelditzen obren hasierarako eta horregatik, martxoaren 25ean Lekunberriko plazan egingo den manifestaziora bertaratzeko deialdia egin dute Aralar zaindu dezagun plataformatik. Gu han izango gara, eta zu? Gasbidea, ARALARTIK EZ ! Ikusi hemen komunikabide ezberdinek jardunaldiaren inguruan idatzitakoak: